![]() |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Zer da? |
Estasia :: Auzi legalakLABORANTZA ETA DROGA TOXIKOAK EGITEA, BAITA TRAFIKOA ETA XEDE HORRETARAKO EDUKITZEA ERE, LEGE PENALAK ZIGORTZEN DITU. Indarrean dagoen Kode Penalak (1995) droga toxiko, estupefaziente edo substantzia psikotropikoen legez kanpoko kontsumoa bultzatu edo errazten duten laborantza, langintza edo trafiko egintza guztiak debekatu eta zigortzen ditu. Zentzu horretan, droga horiek eduki, jabe izan edo eskuragarri izateak, trafikora edo banaketara bideratzeko, legez kanpoko egintza penala da berez. Zigorgarria da, orobat, katalogatu diren produktuen fabrikazio, garraio eta banaketa, baita edukitza ere xede horiek egiteko, jakinik drogen laborantzan, produkzioan edo legez kanpoko produkzioan erabiliko direla. Gure esparru juridiko-penalean, antzeko esanahia egozten zaie droga toxiko, estupefaziente eta substantzia psikotropiko bezalako esamoldeei, eta, barne ordenamenduan adierazitakoez gainera, bertan barne hartzen dira Estupefazienteei buruzko 1961eko Hitzarmen Bakarrean begietsitako substantziak (opioa eta bere alkaloideak eta deribatuak, koka eta bereak, kanabisa eta kanabisaren erretxina), baita 1971ko Vienako Substantzia Psikotropikoei buruzko Hitzarmenean barne hartutakoak ere (haluzinogenoak, anfetaminak, barbiturikoak eta lasaigarriak). Funtsezkoa da ulertzea farmaziaren esparruan, Hitzarmen hauetako Zerrenda erantsietan eta gainerako araudi osagarrietan ageri den printzipio aktibo bat duen beste edozein espezialitate, substantzia psikotropiko edo estupefaziente moduan, kontrol zorrotz baten erregimenaren mende dagoela eta ezinezkoa dela hura errezeta fakultatiborik gabe erabiltzea. Eta, era berean, opiazeoen mendetasuna duten pertsonak haiekin tratatzeko egiten diren programak, araudian aurreikusitakoari lotu beharko zaizkiola. Kontsumo pertsonalarentzat edukitzen (edukitza) diren drogei dagokienez, ikuspegi penaletik, kontsumorako bideratzen den edukitzaren inpunitateak zalantzarik sortzen ez badu ere —edukitza duen kontsumitzailea erantzukizun penaletik salbuetsita dago—, administratiboki egoera desberdina da. Indarrean dagoen otsailaren 21eko 1/1992 L.O.-ak, herritarren segurtasunaren babesari buruzkoak, falta larritzat arautzen du eta bost milioi arterainoko pezetatako isunarekin zigortzen du, besteak beste, droga toxikoak, estupefazienteak edo substantzia psikotropikoak toki, bide, saltoki edo garraio publikoetan kontsumitzea, baita legez kanpoko edukitza ere, nahiz eta trafikora bideratua ez egon, betiere, noski, ez bada lege-hauste penala. Hala ere, arau berak lege-hauste horiek direla-eta ezartzen diren zigorrak etetea aurreikusten du, lege-hausleak desohitzeko tratamendu bat egitea onartuz gero, horretarako homologazioa duen zentro batean. Droga trafikoaren delituaren oinarrizko tipoari dagozkion zigorrak ezartzeko orduan, indarrean dagoen Kode Penalak bereziki eta zorrotzago zigortzen ditu osasunari kalte larria eragiten dioten substantziak edo produktuak badira. Gorputzaren gain substantziek dituzten ondorioei buruzko peritu-txostenei jaramon eginez, Auzitegi Gorenaren iritziz honakoak dira osasunari kalte larriak eragiten dizkioten drogak: heroina, morfina, metadona, LSDa, anfetaminak, sintesi drogak, meskalina, trilitatea eta haltziona. Kasu horietarako, eta betiere tipoaren zirkunstantzia larrigarriak biltzen ez badira, hiru eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eta delituaren gai den drogaren balioaren hirukoitza den isuna ezartzen da (368 art. eta ond.). Drogen trafiko delituaren tratamendu penalean, azkenik, erantzukizun kriminalaren salbuespen eta arintze zirkunstantziak aurreikusten dira lege-hauslea drogen kontsumoak eragindako intoxikazioaren mende balego edo abstinentzia sindromearen eraginpean, eta bestalde, askatasuna kentzen duten zigorren ordezko aukerak arautzen dira. DROGEN ERABILERA ETA BIDE SEGURTASUNA Indarrean dagoen Kode Penalak, orobat, Trafikoaren Segurtasunaren aurkako delitutzat ezartzen du motordun ibilgailu edo ziklomotor bat gidatzea droga toxikoen, estupefazienteen, substantzia psikotropikoen edo edari alkoholdunen eraginpean. Agintariek eskatuta gidariak uko egiten badio gertakariak egiaztatzeko legalki ezarrita dauden probak egiteari, desobedientzia larriko delitua egingo du. Xedapen administratiboen esparruan, arau erregulatzaile nagusiak dira Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko legea, eta Zirkulazio Araudi Orokorra. Haietan detekzio probak egiteko obligazio generikoa eta haiek nola egin behar diren ezartzen da, baita odolean eta botatzen den airean baimentzen diren gehienezko tasak ere. |
© EDEX 2020 | Fitxa teknikoa |